XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GALDEKIZUN FONETIKO-FONOLOGIKOA

Gure inguruetako herrialde denek edo gehientsuek lehen atlas orokorra aspalditxo egina dutelarik, bigarrena ere osatzen ari dira, eta aipaturiko atlas orokorrean jaso zuten esperientziaz baliatuz, erizpide hertsiagoz ari dira jokatzen.

Euskal Herria oraintxe ari da abiatzen lehenbizikoa egiteko, eta ez dugu hau intzirika esaten, baizik eta lehen atlas honi ganoraz aurre egin diezaiogun.

Atlas orokorra guretzat ezinbestekoa da, bera izango delako lehen urratsa, gero gairik interesgarrienak sakonago aztertu ahal izateko.

Alabaina, euskara jasaten ari den egoera soziolinguistikoa arras aparta da.

Azken urteotako euskararen jalgitzeak eta irakaskuntza maila guztietan eta administraritzan euskarak izan duen sarrerak bereziki, eta baita komunikabideetan izan duenak ere, bere egoeran aldaketak jasango dituela pentsarazten digu.

Beste faktore bat ere bada, biziki erabakiorra, hizkuntzaren normaltzearena, alegia.

Hirurogeiko hamarkadan hasi zen bilakabidea da, hizkuntzaren normaltzearekin euskara komunikabide bateratua bihur dadin eta astiro bezain arin eta mailaz-maila hizkuntz inguruak oro hartuz doana, betiere erabilera dialektalen kaltetarako.

Gu ez gara hemen euskararen iraupenaz ari, eta iraupenerako normaltzea noraezeko bada ere, hori ez da gertatuko hizkuntza mintzatuan aldaketa nabarmenik gabe eta euskalkien aberastasuna ere hein batean murriztu gabe.

Horregatik eta beste zenbait arrazoigatik, euskalkien atzerakada begi-bistakoa da.

Euskalkien egoera, nahiz nolakotasunean nahiz zenbatekotasunean, egunetik egunera larriagotzen doa eta urtetik urtera hauteman daitezkeen galerek ez dute berreskuratzerik.

Premiarik bizienekoa da, beraz, euskalkietako material horien bilketa, gutxienez, izan denaren lekukotza gera dadin gerorako.

Lan hau egoera horretan koka daiteke, beraz, eta gure egitasmoaren helburua Euskal Herriko Hizkuntz Atlas horretarako osagarri izan daitekeen galdekizun fonetikoa prestatzea litzateke.

1.1. Hizkuntz maila ezberdinetako galdekizunak galdekizun orokorrean

Edozein atlas egitea planteatzerakoan, bi arazo behar dira kontutan izan beti: galdekizunaren luzeera eta azterkizun den lurraldearen hedadura, hau da, inkestatuko diren guneen kopurua.

Nola prestatu bi puntu horiek, hala iraunen du lanak, elkarrekin zerikusi zuzena bait dute zalantzarik gabe: galdekizun luzeagoa edo inkestagune gehiago, denbora ere haundiagoa hartuko du; eta egitasmo honek izan ditu, tamalez, aski gorabehera, berriro ere egitasmotan gelditzeko arriskutan gerta dadin.

Badakigu inkestagileen kopurua haundituz gauzak erraz daitezkeela, baina azpimarra nahi genukeena eginkortasunaren garrantzia da, (eta areago euskaldunontzat).

Inkesta-tokiei buruz geroxeago hitz egingo dugu eta orain galdekizunarekin hasiko gara, baina ez ditugu inoiz begibistatik galduko, bi alderdiak loturik bait daude, esan bezala.

Galdekizunak bat baino gehiago dira, hizkuntz maila bakoitzari fonetikari, morfologiari, sintaxiari eta, zer esanik ere ez, lexikoari bere galdekizuna eskaini bait zaio eskuarki, denen artean atlasaren galdekizun bakarra osatzen dutelarik.

Hizkuntz maila horien artean sintaxia eta fonetika izan dira, orohar, garrantzi gutxiago izan dutenak.

Galdekizuna prestatu aurretik, eta prestatzeko asmoarekin, egoki iruditu zaigu euskararen inguruetako hizkuntz atlasak aztertzea, horiek zenbat eskeintzen dioten maila bakoitzari ikusteko eta maila bakoitzaren ehunekoa ezagutu ahal izateko.

Begiratu ditugun atlasak hauek izan dira:

ALEANR: (1979) Atlas Lingûístico Etnográfico de Aragón, Navarra y Rioja.

ALG: (1954) Atlas linguistique et ethnographique de la Gascogne

ALEA: (1968-73) Atlas Lingûístico Etnográfico de Andalucía.